Maria J. Lopez. (Neurobiologoa) “Garunaren garapenari dagokionez, Haur Hezkuntza askoz inportanteagoa da Unibertsitatea baino” 2012-04-20
Haurrak ikasi ahal izateko bere garuna ondo antolatua eduki behar duela dio neurobiologoak, ikusmen eta entzumen tresnak eta tresna motoreak eduki behar ditu garun horrek. Tresna horiek 0 eta 6 urte bitartean antolatzen dira. Horregatik, bere burua Haur Hezkuntzaren defendatzaile sutsu gisa aurkezten du Lopezek.
Garunaren
antolaketan haurraren inguruneak itzelezko eragina dauka neurobiologoaren
arabera, jasotzen dituen estimuluen arabera, elikadura eta atseden egokiarekin
eta esperimentatzeko aukerekin soilik garatu baitaiteke egoki haurraren garuna
eskolan eta bizitzan aurrera egin ahal izateko.
Haurrak
oinarrizko tresna horiek garatzen ez baditu, herrenka hasiko ditu ikasketak,
eta horiek izaten dira eskola-porrotera bideratuak dauden ikasleak. Alabaina,
garunak zer tresna behar dituen badakigunez, haurrak izan ditzakeen arazoak
aurreikus daitezke, eta behin antzeman ondoren, konponbidea izan ohi dute.
Arazoak atzerapen mentaletik ez eta mukietan izan dezakete iturburua, edota
otitisean; edota bentosa bidezko erditze batean; edota aspektu emozionalean...
Maria
J. Lopez neurobiologoak, prezeski, eskola-porrota saihesten laguntzen die
haurrei, Madrilgo Neocortex Antolaketa Neurologikoaren zentroan. Horrez gain,
garuneko arazo larriagoak dituzten haurrekin ere egiten du lan, autistekin,
hizkuntza arazoak dituztenekin, Down sindromea dutenekin... Neurobiologoa
Ibarrara etorri zen, Uzturpe ikastolak antolaturik hitzaldi bat eskaintzera.
Pertsonak ikasi ahal izateko garuna ondo antolaturik eduki behar
duela diozu. Zer da zehazki antolaketa neurologikoa?
Gutako
bakoitzak zirkuitu zerebral multzo bat daukagu, eta zirkuitu zerebral horien
batuketak norberaren antolaketa neurologikoa osatzen dute. Hau da, gutako
bakoitzak prozesatzeko modu bat dauka. Garuneko errepide handiak guztion
garunetan berdinak dira: nerbio optikoa iguala daukagu zuk eta nik; baina, zure
kortex bisualaren antolaketaren ondorioz, zuk era batera prozesatzen duzu, eta
nik nire kortex bisualaren antolaketaren arabera prozesatzen dut. Agian zu ez
zara oso pertsona bisuala, eta ni berriz bai; zu agian auditiboagoa zara.
Guztiok ondokoarekiko diferentea den garuna daukagu, ez daude munduan bi
pertsona berdin-berdinak direnak, nahiz eta bikiak izan, ez baitaude bi garun
era berdin-berdinean antolatuak. Orduan, zer da antolaketa neurologikoa? Gure
garuna antolatzeko prozesua da, eta antolaketa horri esker informazioa
prozesatzeko gaitasuna duten gizakiak gara; prozesatu eta modu bakan eta
errepikaezinean funtzionatzen du gure garunak.
Garuna
da ikasten duena; beraz, zer gertatu behar da haur baten garunean
ikasketetarako prest egon dadin?
Neurogarapenak
prestatzen ditu haurrak ikasketarako. Horregatik aurreikus ditzakegu ikasketan
zer arazo eduki ditzakeen haurrak, bai baitakigu zer gertatu behar den haur
horren garunean ikasketarako prest egon dadin. Haurrari ikasketa erraza eta
atsegina gerta dakion garunak hainbat tresna eduki behar ditu: batetik, tresna
bisualak. Eskolako ikasketa gehienak bide bisualetik sartzen dira, eta horiek
prozesatu ahal izateko, tresna bisualak eduki behar ditugu. Baita tresna
auditiboak ere, lengoaia informazioa transmititzeko mekanismo oso garrantzitsua
baita. Postura kontrolatzen ere jakin behar du haurrak, eta horretarako tresna
motoreak eduki behar ditu. Lateralitateak ere garrantzia handia du, izan ere
giza garunaren zati bat arazoak konpontzen espezializatua dago, lengoaiaren
esparruari dagokion atala, hain zuzen ere, eta atal hori ondo antolatua eduki
behar du haurrak ikasteko. Horrez gain, ingurune emozional egokia beharko du
haurrak, emozionalki mehatxatua sentitzen baldin bada umea, bere garunak
ezingo ditu gainontzeko tresna guztiak erabili.
Hasteko, beraz, ingurune emozionalak garrantzi handia du haurraren
garuna egoki gara dadin.
Ikasketa
bizirauteko tresna da haurrarentzat. Baina haur askok ez daukate interesik
ikasketetan, beren gurasoak bananduko ote diren ala ez jakin nahi baitute,
adibidez. Nola kontzentratuko da, bada, haur hori matematiketan? Bere garuna
banaketa hori gainditzeaz arduratua dago. Emozioak garunean daude, eta ez askok
uste duten bezala bihotzean. Emozioen garapena, beraz, garunaren garapena da.
Garunaren garapenean arazoak dituzten haurrak emozioen garapenean arazoak
dauzkaten haurrak izan ohi dira. Garapen emozional egokia izan dezazun
kalitatezko estimulu emozionalak izan behar dituzu, eta gainera, kopuru
handitan. Ikusmenaren bidea estimulu bisualekin garatzen den bezalaxe, garun
emozionala estimulu emozionalekin garatzen da.
Garapenaren
piramidearen oinarri-oinarrian daude behar emozionalak, hau da, ingurune
emozional on bat beharrezkoa da garunak ikasiko badu. Ondoren, ingurune
fisiologiko on bat behar dugu (elikatu, lo egin, ordutegiak errespetatu, dieta
sano eta orekatu bat behar dugu...), eta ondoren, zentzumenen garapena legoke,
ikusmenari, entzumenari eta garapen motoreari dagokion maila horretaz
arduratzen gara gu. Garapen intelektual egoki bat gerta dadin, maila hori oso
ondo antolatua egon behar da haurraren garunean. Eta azkenik, maila horren
gainean doa garapen sozialari dagokiona.
Neurogarapenik handiena haurtzaroan gertatzen da, ezta?
Haur
baten garunaren %50a genetikoki zedarritua dago, eta beste %50a ingurunearen
arabera garatuko da. Hau da, dena ez dago genetikoki idatzia, eta ez dago dena
idazteke ere. Genetikarekin ezin dugu ezer egin, gaur-gaurkoz ez baitaukagu
inteligentziaren generik jartzerik gure seme-alabei; baina, inguruneari
dagokion %50 horretan eragin dezakegu. Gure seme-alaben haziera asko aldatu da
azken 30-40 urteetan. Ingurune ona daukagula uste dugu, baina nik zalantza
ugari ditut horri buruz. Zer da ingurune on bat? Esate baterako, nola eragiten
dio txertaketak oraindik hain ahul den gorputz bati? Gaur egungo
bakunazio-sistema duela 40 urte zena baino askoz gogorragoa da, eta hori
garunari eragiten dion ingurunea da. Elikadura ere ingurunea da. Edota garai
batean amak egun osoan etxean egoten ziren, eta orain ez; garai batean 4
urterekin joaten ginen eskolara, eta orain, 4 hilabeterekin. Haurraren
hazieraren ingurunearekin zer gertatzen den aztertu behar dugu, hori guk
kudeatu baitezakegu, genetika ez bezala. Eta hori oso albiste ona da, gauzak
oso ondo egin baititzakegu haurraren garuna estimulatzeko; edo oso gaizki.
Haurra
garuna muntatua duela jaiotzen da, ernaldian muntatzen baita bere garuna.
Zelulei dagokienez, garapen zerebrala haurdunaldiko 9 hilabeteetan gertatzen
da. Haurra jaiotzean bere garunak gerora izango denaren %23 pisatzen du, hau
da, gure garuneko neuronen %100ek gure garunaren %23 pisatzen dute. 0 eta 6-8
urte bitartean haurraren garunak gerora izango denaren %80 pisatzen du,
garunaren garapenik handiena argi eta garbi 0 eta 6 urte bitartean gertatzen
da. Horregatik, ni Haur Hezkuntzaren defendatzaile sutsua naiz, hor gauzak ondo
antolatu eta bideratzen badira, pertsona horrek bizian aurrera egin ahal izango
baitu.
0-tik 6 urtera bitartean, beraz, garapen itzela dauka garunak.
0
eta 6 urte bitarteko etapa da garairik emankorrena, garunaren garapenari
dagokionez. Garunak plastizitate handiena 0 eta 6 urte bitartean dauka, gero
haurtzaroan egonkortu egiten da, eta helduzaroan izango duen garuna garatzeko
azken bultzada nerabezaroan iritsiko da, hormona sexualak garunean sartzen
direnean gertatzen baita garunaren azken berrantolaketa. Nerabezaroan izango dugu
garun heldua, geure bizitza osoan edukiko dugun garun heldu hori. Garuraren
pisu hazkunde hori osatzeko prozesuengatik gertatzen da, plastizitate
neuronala gerta dadin beharrezko oinarriak dira sinapsia eta mielinizazioa, eta
inguruneko estimuluen mende daude.
Garuna beraz, estimulatzen dugunaren arabera garatuko da?
Garuna
%23tik %100ra ingurunearen arabera haziko da, hori ez baitator genetikoki
idatzia. Ikerketa ugari egin dira Afrikan jaten ez duten haurrekin; edo
estimulurik jasotzen ez duten umezurztegietan edota jasotzen dituztenetan...
Estimulu horien guztien eta elikaduraren eta nutrizioaren araberakoa izango da
gure garuneko neuronen artean sortuko diren edo ez diren errepideak.
Neuronak
ernaldian osatzen dira, eta jaiotzeko garaian ditugun neuronak izango dira
bizitza guztian izango ditugunak, ez baitira gehiago sortzen. Neuronak dira
gure bizitza osoan lagun ditugun zelula bakarrak, birsortzen ez direnak.
Neuronen arteko errepide edo kable sarea, ordea, hori bai sortzen joango da
jaiotzen garenetik aurrera. Gure garunean gero eta errepide gehiago eduki,
orduan eta hobeto zirkulatzen du informazioak; gero eta errepide gutxiago
eduki, informazioa okerrago zabaltzen da gure garunean. Eta errepide horiek
egin egin behar dira, ez baitauzkagu jaiotzen garen unean.
Estimuluen arabera neuronen arteko errepideak sortuko ditugu,
baina errepideak haurtzaroan irekitzeak betiko hor izango ditugula esan nahi
du?
Errepide
horiek mielinizatu egin behar dira, mielinizaturik dauden errepideetan soilik
pasatzen baita informazioa azkar eta ondo. Mielinizatzeko trafikoa egon behar
da, ez badago trafikorik ez da mielinizatuko, hau da, ez bada behar ez dira
erabiliko. Fetu garaian, adibidez, kopeta hezurreko globuluak ez dira
mielinizatzen, ez baitira erabiltzen. Garai horretan atal motoreak
mielinizatzen dira, haurtxoak hanka bat luzatzen duenean, edo besoa tenkatzen
duenean, edo jira-buelta ematen duenean. Bizitzako lehen urtean zentzumenen
sustraiak mielinizatzen dira, haurtxoa ikusmen, entzumen eta ukimenaren aldetik
konektatzen baita, eta oreka behar duenez atal horiek mielinizatuko ditu
garunak. Haurtzaroan arretari loturiko atala mielinizatuko da, eta, azkenik,
atal kortikala edo azalari dagokiona, eta 13-14 urterekin hasiko da pertsona
burubidea edukitzen.
Garuneko
errepide horiek ondo antolatuta baldin badaude, ikusmenak, entzumenak,
ukimenak, usaimenak eta dastamenak informazioa bidaliko diote garunari, baina
zer behar du garunak informazio hori prozesatu eta kanporatzeko?
Garunak
bederatzi sarrera gune ditu, eta bat ateratzeko: proportzioa izeberg baten
tamainakoa da. Informazio asko sartu behar da irteera eman ahal izateko.
Eskola-sistemak informazioaren sarrera-irteera 1-1ekoa dela uste du. Hau da,
informazio bat sartzen da, ondorioz, informazio bat atera beharko litzateke.
Batuketak egiten irakasten dizut, eta batuketen azterketa egiten dizut. Baina
garunak ez du horrela funtzionatzen. Hau oso argi ikusten da bigarren edo
hirugarren hizkuntza ikasten ari diren pertsona helduen kasuan: hamar urte daramatzagu
ingelesa ikasten, Londresera joan gara, maleta galdu zaigu eta ez gara “hello”
beste ezer esateko gauza; hori da dakigun ingeles guztia? Ez, baina ez gara
gauza dakigun horri guztiari irteera emateko. Hori gertatzen zaio haurrari ere.
Garunean
informazioa sartzeko bide batzuk daude, eta bide horiek, esan bezala,
estimuluak behar dituzte. Bide horiek ikusmena, entzumena, ukimena, gustua eta
usaimena dira. Garunak informazio hori prozesatu egingo du, beti ere bere
garapenaren araberako prozesaketa egingo du, eta ondoren, informazio hori gorde
egingo du. Gero, kaleratzeko bideetatik egotzi egingo du informazio hori.
Kaleratzeko bidea mugikortasuna, lengoaia eta eskuaren funtzioa dira. Haur
batek kaleratzeko bide horietan arazoak baldin baditu, oso erraza zaio helduari
haurraren arazo horiek antzematea.
Zeintzuk dira informazioa kaleratzeko bideetan haurrek izaten
dituzten arazo nabarmen horiek?
Informazioa
kanporatzeko bideetan arazoak dituzten haurrak izan ohi dira ibiltzen ez diren
haurrak (edo bere adinaren mailari dagokion neurrian ibiltzen ez direnak), hitz
egiten ez dutenak (edo bere adinaren mailari dagokion neurrian hitz egiten ez
dutenak), idazten ez dutenak (edo bere adinaren mailari dagokion neurrian
idazten ez dutenak). Haurtzaroarekin harremanak dituen edozein helduk oso erraz
antzematen ditu arazo horiek. Zailtasunak informazioa sartzeko bideetan arazoak
dauden kasuetan gertatzen dira, haurra ez baldin badago guztiz itsu edo gor,
heldu gutxi ohartzen dira haur horrek ikusmen edo entzumen arazoak dituela, edo
arazo propiozeptiboak dituela.
Adibide bat jar zenezake?
Haur
asko logopedarenean aritzen dira lengoaia-terapia egiten, eta berez ez daukate
lengoaia arazorik, daukatena txikitan otitisa izan zutela da! Eta otitisa ez da
lengoaia arazoa, baizik eta entzumen arazoa da. Kontua da ez bada sartzen, ezin
dela atera. Informazioa ez bada sartzen, ezin dela atera. Irteera ari gara
lantzen, lengoaia ari baikara lantzen, baina arazoa sarreran dago.
Informazioaren joan-etorriko zirkuitu horretan arazoa non dagoen jakin behar
dugu eremu horretan lan egin ahal izateko. Garunari informazioa sartu behar
zaio gero atera ahal izateko. Askotan irteerak lantzen aritzen gara, benetan
arazoa sarrerako bideetan dagoela pentsatu gabe.
Hezkuntza-sistemak, ordea, ez du garunera sartzen den informazioa
neurtzen, ateratzen dena baizik.
Hezkuntza-sistemak
uste du inteligentzia garunetik ateratzen den hori dela. Orduan, Stephen
Hawking ez da inteligentea? Hawkingek ezin dio irteerarik eman berak daukan
jakintza horri guztiari, baina garuna ondoen egituratua daukan pertsonatako bat
da. Ez dauka irteerarik, baina bere garunari sartzen zaio informazioa eta
prozesatu egiten du. Irakasleok kontuan izan beharko zenuteke haur batek
informazioari irteera emateko arazoak dituenean irteerako bideetan, ala
sarrerakoetan edo prozesaketan dituen arazoak.
Garunak bere tresnak ondo antolatuak ez baldin baditu, zertan
eragingo dio haur horri ikasketa prozesuan?
Bere
eskura tresnak dituen haurrak izango du arrakasta eskolan. Oro har, tresna
gehien dituzten gizakiei joaten zaizkie gauzak ondoen. Bere eskura tresna gutxi
dituen haurrari zail egingo zaio eskolan ondo joatea. Eta tresnak eskuratze
hori 0 eta 6 urte bitartean egingo da, etapa horretan ez bada haurraren garuna
ondo antolatzen, zaila izango da martxa jarraitzea. Sarri Unibertsitate mailako
heziketari inportantzia handia ematen diogu, baina garunaren garapenari
dagokionez, Haur Hezkuntza askoz inportanteagoa da Unibertsitatea baino.
Haurtzaroan garapen zerebral egokia eduki duen pertsona Unibertsitatera
iritsiko da gero, baina garapen ona eduki ez duenari zail egingo zaio.
Haur
asko garunaren garapenaren azken etapara prozesaketa bisualerako behar diren
tresnak ondo egituratu gabe iristen dira; edo prozesaketa auditiborako behar
diren tresnak edo prozesaketa motorerako behar diren tresnak ondo egituratu
gabe. Lehen Hezkuntzan irakurtzeko arazoak izan dituen haur horrek, bigarren
maila herrenka eraman duenak; hirugarrengoan idazketa-irakurketako ulermen
arazoak izan dituenak... Batxilergora iristean amore ematen du, bere adinekoen
mailan jartzea oso zail egiten baitzaio Haur Hezkuntzatik arrastaka dakarren motxila
astun horren erruz! Eskola-porrota ez da 14-15 urterekin hasten normalean,
eskola-porrota herrenka hasten den haurrek jasaten dute, berez aurreikus
zitezkeen arazoak dituzten haurrek.
Zein dira haur batek ikasi ahal izateko bere garunean ondo
antolatuak izan behar dituen tresna bisualak?
Lehenik
eta behin, kontuan izan behar dugu ikustea eta ikusmena ez direla gauza bera.
Gauza bat da begia sano egotea, eta beste bat garunak ondo prozesatzea begiek
bidaltzen dioten informazio hori. Begiek ez dute irakurtzen. Arranoek,
panterek, lehoiek, otsoek edota ugaztun guztiek guk baino hobeto ikusten dute,
baina arranoek irakur dezakete? Ez. Nik irakur dezaket kortex bisuala dudalako,
eta kortex bisuala ondo antolatua ez baldin badaukazu, ezin duzu irakurri.
Oftalmologoak dio haurrak begiak sano dituela, baina hala eta guztiz ere
haurrak ez du irakurtzen. Orduan guk esaten dugu haur hori alferra dela. Ez
dugulako ulertzen garuna dela irakurtzen duena, eta ez begia. Noski, begia
sano egotea oso albiste ona da, kataratak edukiko balitu ezingo bailuke
irakurri. Baina horrez gain, garunak hainbat tresna garatu behar ditu irakurri
dezan, hautemate tresnak, adibidez: formak identifikatu behar ditu, zer den
lauki bat, zer marra bat, zer lauki zuzen bat... ez baditu marrak
identifikatzen ezingo dulertu T gurutzatzen diren bi marra direla; memoria
bisuala eduki behar du, edota informazioa diskriminatzekoa; adibidez, arbelekoa
kopiatu behar duen haurrak jakin behar du bere begiek ikusten duten
informaziotik zer den garrantzitsua eta zer ez: arbel ondoko landarea ez,
zenbakiak bai, posterrak ez... Diskriminazio bisualarekin arazoak zituen haur bat
ebaluatzen ari nintzen lehengo batean: orri batean zegoena beste batean kopiatu
behar zuen minutu batean; irakurri zuen batekoa, hasi zen bestean kopiatzen,
eta berriro irakurtzeko burua altxatu zuenean arkatzaren puntarekin topo egin
zuen eta 45 segundo igaro zituen arkatzaren punta aztertzen, bere esparru
bisualean sartu baitzen. Ume horrek ez zeukan diskriminazio bisualerako
gaitasunik.
Irakurtzeko arazoak dituen haur bati, gehiago irakurtzeko esaten
diogu, eta gainera, ahots goran egiteko esaten diogu. Hori da konponbidea?
Ez,
hori ez da erremedioa. Batek ibiltzeko arazoak baldin baditu, soluzioa ez da
gehiago ibiltzea, belaunean min hartzen badu ezin du gehiago ibili. Haur batek
irakurtzeko arazoak baldin baditu, zergatik den jakin behar dugu. Gehiago
irakurraraztea zailtasun eta frustrazio gehiago eragitea da. Haur bati ahots
goran irakurraraztea, nire iritziz, inmorala da. Guztiz inmorala. Haurra
irakurtzen ikasten ari denean bi gauza aldi berean egin ditzan agintzen diogu,
ahots goran irakurtzea ez baita irakurtzea, hori hitz egitea da, lengoaia da.
Inork ez du ahots goran irakurtzen, haurrak bakarrik behartzen ditugu hori
egitera, justu ikasten ari den garaian. Zer pentsatua eman behar liguke horrek.
Gero eta lehenago irakurtzen hastea ez da hobe?
Ez.
Ni ez nago ados idazketa-irakurketa aurreratzearekin. Egin beharrekoa da ondo
ziurtatu prozesu horretan hasi behar duen umeak garuna prestatua daukala
irakurri eta idatzi ahal izateko. Ez dute hobeto irakurtzen lehenago hasten
diren haurrek. Ondo irakurtzen duena irakurketarako antolaketa neurologiko
egokia duen haurra izango da, eta horrek bere denbora behar du. Normalean 6
urterekin haurrak ondo antolatua du garuna irakurketarako; batzuek 5 urterekin
ere ondo antolatua dute, eta beste batzuek 7 urterekin. Zenbait hezkuntza
eredutan 7 urtera arte itxaroten da hasteko, gelako haur guztiei itxaroten zaie
irakurtzen hasteko. 6 urterekin hasten direnen kasuan, garbi izan behar dute
normalean gelaren heren bat ez dela prest egongo irakurketarako. Eta 5 urterekin
hasten direnen kasuan, gelaren heren batek soilik edukiko du garuna horretarako
antolatua. Ondorioz, eskola-porrotaren arriskua asko handitzen du azken eredu
horrek, haurrak 5 urterekin ezin iritsirik hasiko baitu ikasketa prozesua.
Tresnak prestatzen utzi ez diogun haurrari ezin diogu ezer eskatu.
Inguruneak, estimuluek eta aukerek garuna garatzen laguntzen
dutela diozu. Zein litzateke ingurune desegoki batek sortu eta eskolan eragin
dezakeen ikusmen arazo bat?
Gero
eta haur gehiago daude ikusmen konbergentziako arazoak dituztenak, ez baitute
esperientzia motore hori bizi izan bere garaian. Zazpi bat hilabeterekin hasten
da haurra okulomotrizitatea lantzen, lau hankatan ibiltzen hasten denean. Une
berean bi begiak leku berera jartzen ikasten du haurrak lau hankatan ibiltzean.
Baina, gaur egun haurrak ibiltzen al dira lau hankatan? Bada ez dakigu, zer
haurtzaindegietan zer aukera daukate lau hankatan ibiltzekoa amakatxoan etzanda
baldin badaude? Eta etxean, parketxotik ez baditugu ateratzen? Okulomotrizitatea
oso garrantzitsua da ikusmenaren garapenean, hau da gure ezker begiak eta
eskuinak ikusten dituzten bi irudiak batean fusionatzeko gaitasuna. Haurraren
garunak bi irudiok koordinatzen ez baditu, ezin du irakurri, ez idatzi, ez
baita gauza bi begiak puntu berean enfokatzeko eta aldi berean mugitzeko,
horregatik begi batek irakaslea ikusten du eta besteak radiadorea, eta bere
buruak eskaintzen dion irudian irakaslea radiadorea buruan duela ageri da, edo
ama sabelean leihoa duela... eta hori zoramena da! Horregatik begi bat alfertu
egiten du garunak. Ume horiek izan ohi dira letra tamaina jaitsi ezin dutenak,
edo marraztu nahi ez dutenak zirkuluetatik ateratzen direlako, edo letra txikia
irakurri ezin dutenak...
7 hilabeterekin lau hankatan ibili ez den haurrak irakurtzeko
arazoak baldin baditu, hobe da 6 urterekin lau hankatan ibiltzen jartzea?
Garuna
entrenatu liteke. 7 hilabeterekin egin ez badu ez du esan nahi dena galdutzat
jo behar dugunik, hobe dugu 5 edo 6 urterekin lau hankatan ibili, ezer egin
gabe uztea baino.
Entzumenari dagokionez, zein izaten dira antolaketa neurologikoari
loturiko arazo nagusiak?
Hasteko,
entzutea eta entzumena edukitzea ez direla gauza bera ulertu behar dugu.
Belarria sano egon daiteke, baina horrek ez du esan nahi garunak prozesa
dezakeenik belarritik sartu beharko lukeen informazioa. Entzumen kalitateak
zerikusi handia du eskola-porrotean, hala diote ikerketek. Duela gutxi egindako
ikerketa batek erakusten zuen zentro batean entzumen arazoak zituzten haurren
%91k suspenditu egiten zutela irakasgairen bat. Okerren entzuten dutenak dira
gehien suspenditzen dutenak.
Belarria sano baldin badu, nola antzeman haur horrek entzumen
arazoak dituela?
Eskolan
erraz deskonektatzen diren haurrak izan ohi dira; hipo edo hipersensibleak
soinuarekiko; esana behin eta berriro errepikatu behar izaten zaie; gauzak
gaizki ulertzen dituzte ahoz esaten zaizkienean; ez dute gogoratzen esan
zaiena... eta ondorioz lengoaia arazoak, idazketa arazoak eta irakurketa
arazoak dituzte, eta azkenean eskola-porrotetik gertu ibil litezke. Eta
entzumen arazo horiek askotan muki eta otitis arazoetatik datoz! Ez dakizu
ondo mukiek zer eragin duten entzumen bideen garapenean! 18 hilabeteko haur bat
mundua entzuten ikasten ari da, eta otitisak eta mukiek belarriak estaltzen
badizkiote ez du espero bezala ikasten. Otitis arazo bat zena porrotaren
eragile bihur liteke neurriak hartzen ez badira.
Eta tresna motoreek edo mugikortasunak nola eragiten diote
haurrari ikasketa prozesuan?
Garapen
fisikoa oso garrantzitsua da haurrengan, lehenik eta behin, aurrena garatzen
dena delako. Haurrak tonu muskularra behar du, oreka, eta garapen fisikoak
autonomia, antolaketa neurologikoa eta posturaren kontrola ematen dizkio.
Mugikortasuna guztiz beharrezkoa da ikasteko, mugitzen dakien haurrak arazoak
konpontzen jakingo du.
Guk
garapen motorea ikuspuntu ebolutibotik lantzen dugu. Haurrak arrastaka ibili
behar du lurrean; gero lau hankatan ibili behar du; ondoren oinez, eta gero
korrika. McClynnek dio giza garunak eboluzioaren historia daramala idatzia, hau
da, giza garuna hiru garun direla: narrasti garuna; ugaztun garuna eta giza
garuna. Narrasti garuna arrastaka ibiltzen da; ugaztun garuna, lau hankatan;
eta giza garuna, oinez. Hiru garun ditugunez, hirurak ondo antolatuak eduki
behar ditugu. Narrasti garuna oinarrizko biziraupenarekin lotua dago,
bihotzaren taupadaren gisako oinarrizko funtzioez arduratzen da. Ugaztun garuna
zentzumenen prozesatzailea da, ikusmena, entzumena, arreta, koordinazio
motorea, oreka eta emozioez arduratzen da. Eta giza garuna da irakurtzen duena,
ulertzen duena, aditzen duena, hitz egiten duena, idazten duena... Baina
gaineko garun horrek funtziona dezan, azpiko garunen oinarriek ondo jarriak
egon behar dute. Horregatik haurrek lau hankatan ibili behar dute, bestela
garapen fase hori osatu gabe gelditzen da.
Eskolan lantzen diren garun atal gehienak ezkerreko hemisferioan
daude kokatuak, baina gauza jakina da pertsona batzuek eskuin hemisferioa
garatuago dutela.
Gurutzatuak
dauden bi garun erdi ditugu. Ezker eta eskuin hemisferioak. Ezker hemisferioan
oso espezifikoak diren funtzioak daude, matematika, lengoaia, hizkuntza edota
ulermenari loturikoak. Eskolari dagokion ia guztia ezker hemisferioari dagokio.
Beste hemisferioan kokatzen dira gaitasun globalagoak, musikari, arteari,
espazioari... loturikoak. Eskolak ez ditu errespetatzen hemisferio baten edo
bestearen arabera desberdin prozesatzen duten haurrak daudela, eta gero eta
garrantzi gutxiago ematen zaie, gainera, plastika edota musika bezalako alorrei,
informatika edota hizkuntzen mesedetan; eta informatika eta hizkuntza ezker
hemisferioko alorrak dira. Irakasleak kontuan izan behar du ezker eta eskuin
hemisferioaren arabera prozesatzen duten haurrak dituela gelan, eta bere ardura
dela guztiek arrakasta izan dezaten.
No hay comentarios:
Publicar un comentario